Joan den urtean, U@DA proiektuaren baitan, familiek kontsumo ohituren inguruko galdetegiak osatu zituzten. Galdetegi horien emaitzak jendaurrean aurkeztuko dira urriaren 29an Aretxabaletan eta 30ean Eskoriatzan.
Kirola norberaren ongizaterako, talde lanerako eta, ondorioz, gizartearen eraldaketarako tresna da. Horregatik, kirola amu gisa erabiltzen du UDAk, bere egunerokoan kirol praktika helburu baino bitartekari bihurtu baita. Izan ere, kirolaren bitartez debagoiendarren kontsumo ohituretan eragitea du xede. Horretarako, UDA eta San Juan de Dios ospitaleak, elkarlanean, U@DA proiektua sortu zuten.
Proiektua hiru urtera begirakoa da, eta, urte bakoitzean eragite-eremu batean jartzen du azpimarra:
- 2017-2018: gazteak
- 2018-2019: gurasoak
- 2019-2020: ingurua
Joan den urtean, 2018-2019an, gurasoak jarri genituen erdigunean. Gurasoekin hainbat bilera egin ziren, mapeoak eta datuak aurkeztu ziren, eta berei ere galdetegiak egin zitzaizkien. Iazko maiatzean osatu zituzten familiek galdetegiak.
Datorren astean, urriaren 29 eta 30ean, datu horiek aurkeztuko dira Aretxabaletako Arkupen eta Eskoriatzako Ibarraundin, hurrenez hurren. Hitzaldien datak:
Bilera 1
- Eguna: urriak 29
- Tokia: Aretxabaleta, Arkupe
- Ordua: 18:00
Bilera 2
- Eguna: urriak 30
- Tokia: Eskoriatza, Ibarraundi museoa
- Ordua: 18:00
Galdetegien emaitzez gain, 2019-2020 urteko proiektuak ere aurkeztuko dira. Honela, bertaratutakoek, U@DAren hurrengo urratsak ezagutuko dituzte eta proiektuaren norantza jakingo dute.
Hitzaldietara joateko asmoa baduzue, eskertuko genuke ondorengo galdetegia osatzea. Ez da derrigorrezkoa izena ematea, nahi duenak baitauka joateko aukera, baina aurreikuspenak egiten eta antolatzen lagunduko digu. Zuen zain egongo gara!