Iker Arriolabengoak bide luzea du UDAn eta, 1. taldeko atezaina izateaz gain, Futbol Eskolaren eta atezainen arduradun ere bada. 

 

Zertan oinarritzen da atezainen lan espezifikoa?

Jarduera maila desberdinetako atezainekin burutzen da eta gainontzeko taldekideengandik banatuta. Bertan, norgehiagoketetan sortu daitezkeen egoerak praktikan jartzen ditugu, kontzeptu horiek txikitatik ondo barnera ditzaten. Klubaren partetik apustu sendo bat da eta aurten aurrerapauso bat eman dugu arlo honetan: Eduki tekniko, taktiko eta fisikoak banatu ditugu ziklo desberdinetan atezainen formakuntza zentzuduna izan dadin. Honek, irakaskuntza prozesu bat jarraitzea eta jokalarien progresioa gertutik aztertzea ahalbidetuko digu.

-Zein helbururekin egiten dira entrenamendu hauek?

Atezainen kirol praktika gainontzeko jokalariekin alderatuz desberdina da, hortaz, hauei zuzenduta doan formakuntza apropos bat ematea da helburua. Horretarako entrenamendu hauek beharrezkoak dira, beren bitartez eurak eroso eta seguru senti daitezen. Beraz, planteamendu honekin bat datorren egituraketa planifikatu dugu aurten eta bere fruituak ematea espero dugu.

-Entrenamendua eta bertan lantzen diren kontzeptuak kategoria desberdinetara bideratuta joaten al dira?

Bai, esate baterako, futbol eskolan lantzen diren kontzeptuak oso teknikoak dira. Umetatik oinarrizko kontzeptuak ondo barneratzea da asmoa, oinarri on bat eduki dezaten: Erorketak, gorputzaren kokapena, atxikimenduak… Atezainak kategoria desberdinetan aurrera joan ahala, eduki fisiko eta taktikoak gehitzen joaten gara, bete-beteko jokalaria izan dadin zentzu guztietan.

-Gazteen formakuntzari begira zer helburu ditu aurten klubak?

Egituratu dugun egutegia errespetatzea eta bertan aipatzen diren kontzeptu fisiko, tekniko eta psikologikoak lantzea da jomuga. Iaz ezin izan genituen eduki guztiak landu, pandemiak futbolean izan zuen eraginagatik, beraz jarraikortasun hau berreskuratzeak berebiziko garrantzia du, jokalariek ikaskuntza prozesu egokia izan dezaten. Oinarrizko futbolera baldintza egokietan heltzeko, prestakuntza on bat eskaini behar diegu gaztetxoenei.