UDA Kirol Elkartea kontsumo ohituren inguruko lanketa sakona egiten ari da Hermanos de San Juan de Dios ospitalearekin batera. U@DA proiektuaren harira, droga tailerrak egingo dituzte azaroan, abenduan eta urtarrilean.

Gure bailara arrisku handikotzat jotzen da drogen kontsumoari dagokionean. Kontsumitzen duten gazteen kopurua handia da oso. Errealitate horren aurrean UDA eta Hermanos de San Juan de Dios ospitaleak bat egin zuten eta egoera iraultzeko lanean hasi ziren U@DA izeneko proiektuarekin. 2o17an hasi zuen bere bidea proiektuak.

Betidanik eraiki ditu UDAk kirol elkartearen eta herrriaren arteko zubiak. Futbol zelaiko lau ertzetatik harago, herrian ere aktibo aritu da. Proiektu honekin ere eskualdera begira jarri dira, kontsumo ohituretan eragiteko eta kontzientziazioa lantzeko. Proiektuak hiru fase ditu:

  •     Etxe barrukoa: 2017-2019
  •     Gertukoena: 2018-2019
  •     Gizarteratzea: 2019-2020

Lehen bi etapak amaitu dira dagoeneko. Lehendabizi gazteekin egin zen lan, berak baitira errealitate honen protagonista nagusiak; ondoren, iaz hain zuzen, gurasoekin eta familiako kideekin egin zen lanketa. Aurten, 2019-2020 urtean, proiektua gizarteratzen eta eskualdean lantzen arituko da buru-belarri UDA.

Besteak beste, hirugarren urte honetan, hainbat lan ildo landuko ditu U@DAk:

  • Liburu txuria argitaratuko da
  • Gurasoei inkesten emaitzak aurkeztuko zaizkie
  • Inklusioa UDAtik eta ikastetxeetatik harago, bailarara ekarriko da
  • Tailerrak egiten jarraituko dugu gazte eta gaixotasun dualeko lagunekin.

Tailerrak gazteentzat

Tailerrekin ekingo diogu hirugarren fase honi. Tailerrak 12 urtetik 18 urtera bitarteko haurrei zuzenduta daude. Aretxabaletako mojetan izango dira saio guztiak eta hiru orduko iraupena izango dute.

TAILERREN EGUTEGIA

Gaixotasun duala duten kontsumitzaileak gazteengana gerturatuko dira eta beren esperientzia kontatuko diete. Honela, gazteen kontzientzietan eragitea dugu helburu: kontsumitzaileak ez direnek urrats hori ez emateko; eta, kontsumitzen dutenek, bide hori ixteko.

Gazteak sentsibilizatzea eta kontsumo ohituren inguruan kontzientzia lantzea garrantzitsua iruditzen zaigu, horregatik, eskualdeko neska-mutilak animatu nahi ditugu tailera hauetan parte hartzera.