Kirola inklusiorako tresna dela esan eta esan gabiltza. Egunerokoak gure esana berresten du. Inklusioak ere barnebiltzen du sexua eta generoa. Amaren sabelean gaudenetik, jaio aurretik, bereizten gaituzte. Bereizketa horrek bizitza guztian zehar erdibitzen gaitu. Binomio horretan bizi gara: neska ala mutila.
Izena eta izana bat datozela (hobe esanda, bat egin behar dutela) irakatsi digute ikasten genbintzela ohartu ere egin gabe. Etengabe, uneoro. Sexu femeninoa izateak berekin dakartza izaera batzuk, gustu batzuk. Sexu maskulinoa dutenak ere mugatzen ditugu.
Genitaletan generoa balego bezala, emakumeek izan behar dute isilak, umilak, itzalekoak, lotsatiak, sentiberak. Gizonezkoak hausartak, oldarkorrak, indartsuak, plazagizonak. Eta lotzen ditugu batak nahiz besteak kolore jakin batekin, aisialdi eredu batekin, kirol jakin batzuekin. Emakumeak, dantzarekin; gizonak, futbolarekin, esaterako.
Baina udan genero-rol horiekin hausteko lanean dihardugu egunero-egunero. Gure txikitik eragin nahi dugu. Kirola binomio hori indartzeko baino bereizketekin bukatzeko tresna gisa darabilgu. Guren edonork joka dezake futbolean, edonork golpatu dezake pilota, edonork egin dezake dantza. Edonork, libreki, egiten duen hori eginda, aske izanik. Hori da, behintzat, gure asmoa eta gure xedea.
Hobetzekoak asko dira, eta guk ere badugu zer hobetu, baina horretarako gogoa eta ilusioa ez zaigu falta. Hortaz, gaur ez ezik, bihartik aurrera ere jarraituko dugu emakumeen eskubideen aldeko borroka, guztiok merezi baitugu bizi bizigarria izatea.