Unai Calzon Ohorezko Erregional Mailako entrenatzaile berria. Alboan Aitor Etxeberria izango du, eta taldea osatzeko Andoni Etxagible, Joserra Gordoa, Paco Jurado eta Álvaro Del Blanco.
– Denboraldi berria, hasiera honetan zer eskatzen diozu taldeari?
Taldeari betiko lana, esfortzua eta konpromezua eskatzen dizkiot, gogotsu hastea lehen egunetik eta nire ilusio berdinarekin.
Ondo ezagutzen dut taldea eta ziur nago hasieratik lana gogor egingo dutela eta ahaleginak egingo dituztela UDAren izena eta armarria ohorearekin defendatzeko Gipuzkoako zelai guztietan, ez daukat zalantzarik.
– Zer aipatuko zenuke aurtengo taldeari buruz?
Aurtengo taldea gaztea eta kalitate handikoa da, gainera jokalari gehienak klubean hazitakoak dira.
Ondo ezagutzen dute elkar aurreko denboralditik edota beste urte batzutatik eta giro paregabea dagoela somatzen dut.
Herriko jokalariak dira gehienak eta honek plus bat eman behar digu gure herriko kluba defendatzerakoan lehiaketan.
– Zeintzuk dira helburuak?
Aurtengo helburu nagusiena sailkapenean ahalik eta goren geratzea da, partidu guztiak lehiatzea eta partidu amaieran dena eman dugunaren sentsazioaz joatea, hau da, talde gazte honekin sailkapenean aurrean egoteko talde indartsua osatzea.
Bestalde, gure helburu pertsonal bat da ahalik eta etxeko jende gehienek jokatzea. Baina ez bakarrik jokatu, baizik eta kategoria honetan konpetitzen ikastea, bertan urte asko igaro daitezen.
– Erantzukizun handia ezta?
Bai, Atxabaltan UDA eta futbola oso garrantzitsuak dira. Badakit nola bizi dituen herriko jendeak UDAren lehenengo taldearen emaitzak. Espero dugu aurten posible izatea zelaian jarraitzaileak animatzen egotea, faltan bota ditugu zaleak pasa den denboraldian.
Beste denboraldietan bezala lanean jarraituko dugu, akaso gehiago. Konfiantza osoa daukagu gorputz tekniko guztian, ilusio eta hobetzeko gogo handiarekin etorri gara eta hortan saiatuko gara.