Ainara Mugak, UDA Kirol Elkarteko Kudeatzaileak, urte bat egin du taldean. Berarekin egon gara eta urte hau nola bizi izan duen kontatzeaz gain, denboraldi honetako erronkez zein etorkizunaz ere hitz egin digu.
– Urte bat egin duzu UDA kirol Elkartean. Zer moduz?
Oso gustora. Nahiz eta kirolari izandakoa naizen, sektorean kudeaketa lanetan aritzen naizen lehen aldia da, eta Zuzendaritza taldearen babes eta laguntza handia sentitu dut. Asko eskertzen diet urte honetan eman didaten guztia. Bestetik bada gai bat asko betetzen nauena. Pertsonekin du zerikusia eta hau izan zen ni UDAn lanean hastearen motibazio nagusienetako bat: pertsonak. Hain zuzen ere UDAn egiten den guztiak erreflejua du pertsonetan. Hortaz, UDAn hartzen diren erabaki ezberdinen atzean, pentsatzen diren ekintzen atzean, kirol sailen jardueren atzean, proiektuen atzean, komunikatzeko moduen atzean,… beti pertsonak daude eta hauetan pentsatzen egiten da guztia. Eta esan beharra daukat lehen egunetik UDAn ikusi dudan pertsonekiko ardura, sentimendua eta orientazioa horrenbestekoa izango zenik ez nuela espero bertan lanean hasi aurretik. Hortaz, honek ere positiboki harritu nau. Oso aberatsa eta motibagarria da UDAn lan egitea.
– Zeintzuk izango dira 2021/2022ko erronka nagusiak?
Erronka hauek nagusiki hiru ardatz nagusirekin daude erlazionatuak: herritarren artean kirolean oinarritutako ohitura osasuntsuak eta jasangarriak barneratzea, euskeraren sustapena (barne-funtzionamenduan), entrenatzaileen prestaketan sakondu alor teknikotik kanpo geratzen diren gai ezberdinetan eginaz azpimarra bereziki.
– Aurten urte berezia izango da, UDAk 75 urte.
Bai, halaxe da. Ilusio handiz ari gara prestatzen 75. urteurrena eta 2021-2022 denboraldian zehar gauzatzen joango diren ekintza ugariri eman diogu forma. Ekintza-egitarau honi irailan emango diogu hasiera bere aurkezpenarekin batera. Ekintza hauen artean bideo-dokumental bat, testimonioak, kirol munduan erreferentzia diren pertsonekin hizketaldiak, argazki erakusketak, omenaldiak, herritarrek parte hartzeko ekintza berriak,… aurki ditzakegu. Nik uste dut oso urte polita izango dela eta guztien gustokoak izan daitezkeen ekintzak egongo direla. Gainera, aipatu beharra daukat 75. urteurrenarekin batera plan estrategiko berri bat ere hasi behar dugula: UDA2030.
– Zergatik plan estrategiko hau? zer lortu nahi da?
UDAren datozen urteetako norabidea zehaztu nahi da. Hau da, UDAren datozen urteetako jarraibide nagusiak zehaztu. Honela, UDAren egunerokotasunarekin erlazionatutako jarduerek jarraibide hauekin bat etorri beharko dute eta koherenteak izan beharko dute. Plan estrategiko hau irekia izatea da asmoa, bertan herriko kolektibo ezberdinen iritzi eta ikuspuntuak kontutan izango direlarik euren ordezkaritzen parte-hartzearen eskutik. Hau garrantzitsua da UDArentzat, herritarrak baititu ardatz bere jarduerak.