Ibai Paramok, Jubenilen Euskal Ligako eta Lehen Kadeten entrenatzaile denak, hirugarren urtea igaroko du klubean. Besteak beste, 2012. urtean jaiotako jokalarien futbol eskolako arduraduna da gasteiztarra.
-Aurtengoa 3.urtea izango duzu klubean. Nabaritu ahal duzu aldaketarik etorri zinetik? Nola ikusten duzu kluba?
Egia esan aldaketa handirik ez dut nabari; profesionaltasunak eta gogoak berdina izaten jarraitzen du, bai klubaren aldetik, baita nire partetik ere. Eskertzekoa da klubak entrenatzaileengan jarritako konfiantza.
-Aurreko urtea latza izan zen pandemiaren eragina dela eta, nola aurreikusten duzu aurtengo denboraldi hau?
Gogo askorekin. Pandemiaren eboluzioa positiboa dela dirudi eta honek denboraldia normaltasunez planifikatzen uzten digu. Jokalarien
prestutasuna eta motibazioa nabarmendu nahiko nituzke. Haiek dira klubaren sostengua eta oinarria.
-Nola baloratuko zenuke U.D.A-k jokalarien formakuntzan egiten duen lana?
Apurka-apurka aurrera egiten gabiltza klubak diseinatutako proiektuan eta egunerokotasunean sentsazioak oso positiboak dira. Lan talde txukun bat topatu dut eta horrek gauzak asko erraztu dizkit. Egindako lanaren fruituak biltzen hasiak gara dagoeneko.
-Aurtengo berrikuntzetako bat ikusleen buelta da harmailetara. Faltan bota dituzue?
Asko. Nik pertsonalki kirola zalerik gabe ez dut ulertzen. Gurasoen, lagunen eta UDA-ko behe kategorien jokalariak etortzeko aukera izatea motibazio extra bat bezala hartu dut. Ea lortzen dugun astebururo Ibarra festa bat izatea.