‘Egin dezagun jauzi handi bat» liburua aurkeztu berri dugu. Nerabeengan drogen kontsumoa prebenitzeko programaren emaitzak jasotzen ditu liburuak.
Duela pare bat urte, drogen kontsumoa arazo zela ohartu zen UDA; ez soilik kirol klubean, baizik eta eskualde guztian. Korapilo hori askatzeko helburuarekin batu zituen indarrak San Juan de Dios ospitalearekin batera, eta batura horretatik sortu zen U@DA proiektua.
Ordutik buru-belarri ari dira sentsibilizazio eta kontzientziazioan eragiten, eskualdeko gazteekin lanean. Lan horren emaitza biltzen du gaur aurkeztu duten «Egin dezagun jauzi handi bat» liburuak. Aurkezpenean Unai Elkoro Aretxabaletako alkateak azaldu bezala, Bigarren Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailako ikasleek (12 eta 16 urte bitarteko 492 neska-mutil) erantzundako inkestei esker, drogen kontsumoaren arazoa kuantifikatu ahal izan da kolektibo horretan, eta, berak gaineratu moduan: substantzia adiktiboen kontsumoari aurre egiteko abian jarri zuen programaren mugarri nagusiak jasotzen ditu liburuak.
Liburuak positiboak izateko aukera-leihoa zabaltzen digula aipatu du Emilio Martin San Juan de Dios ospitaleko psikologoak. Eragite-eremu handia dagoela dio, nola prebentzioan, hala kontsumitzeari uzteari dagokionean. Orain arte fokua ez dutela hor jarri dio, baizik eta egoeraren argazki orokor bezain sakona izatean. Aurrera begira horri heldu behar ziola gaineratu du.
Bi Udalen babesa izan du proiektuak, Aretxabaletakoarena nahiz Eskoariatzakoarena. Beharrak hala eskatuta, Unai Elkorok azaldu duenez. Aretxabaletan hasi zen proiektua, baina Aretxabaletara ez mugatzeko beharra ikusi zen eta Eskoriatzako ikastetxera ere zabaldu zen. Joseba Zubizarreta Eskoriatzako alkateak esan bezala: aurrera begira urratsak ematen jarraitu nahi dugu. Arazoa guztiona dela azaldu du eta guztion artean erantzun behar diogula ere aipatu du.
Agurtzane Elkoro UDAko lehendakariak eskerrak eman nahi izan dizkie Udalei jasotako babesagatik.
Uda familiarentzat ale bana
Programan parte hartu duten debagoindar guztiek jasoko dute liburua. Hau da, 500 familiek eta UDAko kirolariek. Izan ere, liburuaren 1.100 ale argitaratu dira.
Klubeko webgunean pdf formatuan jarriko dute, eta baita Aretxabaletako eta Eskoriatzako udalen webgunetan ere. Azken horiek argitaratu dute liburua, Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin.
Oraina eta geroa bereizi dituen liburua
Liburu honek orain arteko ibilbidea jasotzen du. Emandako urratsak biltzen ditu eta mugarri bat da aurrera begirako bide-orria zehazteko. Orain arte jasotako emaitzak kontuan hartuta, beraz, dagoeneko badakite non eragin behar duten U@DA proiektuarekin: prebentzioan. Datorren ikasturteari begira, Lehen Hezkuntzako laugarren mailatik seigarren mailara bitarteko ikasleak inplikatuko dituen proiektu berri bati ekingo diote. EKKO (Eskola, Komunitatea, Kirola eta Osasuna) du izena programak eta, esan bezala, prebentzioan jarriko du fokua.
Agurtzane Elkoro UDAko lehendakariak kirol sozialaren indarra azpimarratu nahi izan du. Horrelako arazo baten aurrean, kirola irtenbide dela eta horregatik, aurrera begira ere, eskoriatzar eta atxabaltar guztiei kirola egiteko erraztasunak eskaintzearen aldeko aldarria egin du: horrek lagunduko baitigu horrelako arazoak ekiditea.
Aurrera begirako urratsei dagokionez, agendan gorde beharreko data da 2020ko ekaina. Iaz Donostian ospatu ziren «Inklusioa ilusioa» jardunaldiak Debagoienan izango baitira.