Álvaro del Blanco da kategoria seniorretako prestaketa fisikoaren arduradun eta aurtengo denboraldiaren bere ikuspuntua eman digu.

 

-Zein egoera fisikotan heldu dira jokalariak?

Geldialdi hau kontutan izanik, jokalariak oso ondo heldu dira. Urte batzuk dira klubean, beheko mailetatik hasita, oporraldian lantzeko denboraldi aurreko programa bidaltzen zaiela jokalariei. Gero eta jokalari gehiagok egiten dituzte etxerako lanak eta, zehazki Ohorezko Mailakoei dagokienez, baldintza onetan itzuli dira. Hortaz, zentzu honetan oso pozik gaude.

 

-Zein izango da aurredenboraldiaren helburua?

Alderdi fisikoari erreparatuz, helburu nagusia errendimendu fisikoa azkar hobetzea da, jokalariak geldi egotera behartuko lituzketen lesio eta arazoak ekiditzearekin batera. Aurten beste urte batzuetan baino indartsuago ekin diogu, aurretik egin beharreko lana ezinbesteko bihurtuz. Lanak eginda etortzeari esker, esfortzu puntu altua eskatzeko aukera izaten ari gara.

 

-Zeintzuk izango dira aurtengo helburuak alderdi fisikoan?

Denboraldi bukaeran alderdi guztien balorazioa egiten dugu urtero, eta fisikoan indar eta erresistentzia entrenamenduen eskakizun maila igo beharra zegoela ondorioztatu genuen azkenengoz. 90. minutuan ere energiaz erantzungo duten jokalariak nahi ditugu, azken minutuetan beraien zelaira azkar itzuliko diren jokalariak. Garrantzitsua da prestaketa fisikoa orekatua izatea, koordinazioa, mugikortasuna, flexibilitatea, bizkortasuna, etab. Gure jokalarie plus bat eman nahi diegu eta eurak hori lortzeko gogoz etorri dira.