“Aretxabaleta K.E-an jokalariak hezteaz gain, pertsonak hezten ditugu”
Igor Altube, Aretxabaleta K.E-ko futbol eskolan arduradun izateaz gain, infantilen eta jubenilen entrenatzailea da. Futbol analisian aditua eta entrenatzaile ikastaroko lehen mailan lizentziatua.
Hogeita zazpi urteko aretxabaletarrak, Preferente mailako jokalari izatea eta entrenatzaile kargua tartekatzen ditu. Bere hemezortzigarren urtea izango da klubeko organigraman. Nahiz eta futbol eskolan espezializatuta egon, kategoria orotako entrenatzaile izandakoa da.
Zer ezaugarri bete beharko lituzke futbol entrenatzaile on batek?
Kategoriaren arabera, ezaugarri batzuk edo beste batzuk. Esaterako, gazteenen artean ezinbestekoa da futbolari zentzua ematen ikastea: Arauak, helburuak, balore lanketa…. Hortik abiatuta, futbol kontzeptu desberdinak gehitzen joan beharko litzateke entrenatzailea.
Nola baloratuko zenuke futbol formakuntzak izan duen bilakaera?
Egia esan asko aldatu da. Lehen askoz gehiago inprobisatzen genuen, orain aldiz ,planifikazio zurrun bat jarraitzen dugu. Talde gehienek lan egiteko metodo antzerakoa dute: Lehen taldetik hasita eta futbolean hasi berriak direnen arte futbolean jokatzeko estilo berbera izan behar dute. Era honetara, kontzeptuak barneratzea errazagoa egiten da.
Uste duzu klubek futbol formakuntzari behar hainako garrantzia ematen diotela?
Zoriontzeko lana egin du klubak azken urteotan. Ez da ohikoa Aretxabaleta bezalako herri txiki batean, kirol elkarte bati eta zehazki, futbol formakuntzari hainbeste baliabide eta lan bideratzea.
Zer da garrantzitsuena futbolariaren formakuntza-garaian?
Zalantzarik gabe ilusioa eta ikasteko interesa. Entretenimendu bat izateaz gain, entrenamenduetara ikastera etortzen direla jakin behar dute umeek. Klubaren filosofia argia da: “Aretxabaleta K.E-an jokalariak hezteaz gain, pertsonak hezten ditugu”
Zer aholku emango zenioke futbolari izan nahi duen gazte bati?
Hitz nagusiak dira horiek(barre). Zerbait esatekotan, prozesuaz gozatzea gomendatuko nieke. Ibilbidea oso luzea da eta bideaz gozatzen ez duenak, goiz ematen du amore.
Egiten ahal da klubean lanketarik pertsonen baloreen inguruan?
Bai, berebiziko garrantzia du hezkuntza apropos bat emateak. Klubak bertako jokalariek izan behar dituzten baloreen inguruan “Eskua” deituriko eskimena sortu zuen. Honek, errespetua eta euskara ardatz ditu eta baloreak transmititzea du helburu.
Geroz eta jokalari euskaldun gehiago ikusten dira futboleko elitean. Uste duzu bertan egiten ari den lan formatiboa bereziki ona dela?
Hainbat urte daramatzat mundu honetan murgilduta eta aurrerapausoak egon direla bistakoa da. Liga nazionaletan geroz eta talde euskaldun gehiago hauteman daitezke eta hau bertako harrobietan egiten ari den lan onaren erakuslea da. Taldeek geroz eta baliabide gehiagorekin lan egiten dute eta hauen maila esponentzialki igo da. Ez da kasualitatea.
Zer eragin izan zuen pandemiak futbol formakuntzan?
Pandemiak umeen eboluzioa guztiz moztu zuen. Alternatibak bilatzera behartuta ikusi ginen eta egoerara egokitutako plangintzak diseinatu genituen. Nahiz eta, kontzeptu teknikoak barneratzen jarraitu, taktikoki eta fisikoki atzerapauso nabarmena sufritu dute gazteek.
Kaleetan geroz eta ume gutxiago ikusten dira futbolean jokatzen. Zer izan daiteke fenomeno honen eragilea?
Hausnarketara bultzatzen duen gai bat da, izan ere, gazte askok futbolarekiko eta kirolarekiko zaletasuna galdu dute. Lehenik eta behin, honek eragin zuzena du gazteen futbol mailan: Futbol eskolara, oinarrizko kontzeptu asko menperatu gabe iriste baitira eta honek gure lana zailtzen du. Baina nagusiki arazoa gizarte mailakoa da, nerabeen osasun maila geroz eta kezkagarriagoa baita. Gurasoak rol garrantzitsua dute arazo honi amaiera emateko.
Esperientziadun entrenatzaile bezala, nabaritu ahal duzu geroz eta gazte gehiago interesatzen direla ogibide honekiko?
Geroz eta gazte gehiago ikusten dira futbol zelaietan entrenatzaile bezala eta geroz eta hobe prestatuagoak. Azken aldian klub gipuzkoarrek apostu garbia egin dute entrenatzaileen prestakuntzan eta erraztasunak jartzen dituzte hauen formakuntza prozesua. Honek, gipuzkoar futbolaren maila asko hobetzea eragin du. Lan ona egiten ari da esparru honetan eta gaztetxoak gogotsu daude.
Etorkizunera begira zer erronka dituela uste duzu futbol formuntzak?
Futbol formakuntzaren etorkizuna planifikazio egoki batetik igarotzen da inongo zalantzarik gabe. Nahitaezkoa da, filosofia eta metodologia koherente bat edukitzea jokalariaren formakuntza aproposa izan dadin. Inprobisazio konstante batean bizi denak ez dituela emaitza onik lortuko argi dago.